XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...): azken bi hauek aritu ziren 1890eko toberetan zirtolari, bertsulariak zituztelarik Xetre eta Otxalde.

Halere Hazparne ez dugu Jose Mendiague nor zuten erran gabe uzten ahal.

Hura ez dute beren herrian bertsutan aski prezatu ahal izan zeren Ameriketara joan bait zen, Montevideo-rat.

Handik ditu Mendiaguek bertsu ezin ahantzizkoak bialdu, eta hemen denek kantatu dituzte.

Urruñan berriz hona Jolimont de Haraneder eta Tipy-Elissalde mugazaina, hau kriolinak eta Dama gazte xarmant bat kantuaren egilea.

Saran Vergez bere garaian sari zenbait ereman dituena, eta Capdeville Rotchild deitua, gizon arrunta eta ausarta, Agustin Etcheverry zapataina, Ezpeletan Xalbador bat.

Uztaritz-Arruntzan beste Capdeville bat Kattabil deitzen zutena, arras gizon goxoa eta ele onekoa, fina, Jaun publikoa erranez mintzo zena, 1950ean hila.

Beste Kaxo bat hor ere; Kanbon aldiz Erguy ez aspaldi zendua.

Luhusoko zen berriz Larralde-Panpale, herriko arotza eta pilotaria; Lapurdi eta Baxenabarreko herri gehienetan ibili da kantatzen; Mattin Aheztarrak Saran zuen ezagutu eta bere lehen bertsuez atakatu ere!.

Eta nork ahantz Elizanburutarrak: ez gara hemen Ikusten duzu goizean kantuaren egileaz ari baina beste izen bereko batez J.B. Elissanburu eta beste Leon batez, bigak bertsulari iragan mendean.

Senpereko Matxin-Irabolak maila berezia hartzen du.

Gizon tipi bat zen baina ernea, zoragarrizko erreztasunaren jabe.

1955ean bigarren atera zen Donostian, Basarriren ondotik.

Mugaz bestalderat ainitz galdatua zen.

Balio zuen gasailan, xixtatua zelarik.

Beste gisan fede haundiko gizona eta erlisionezko gaietan ongi ematen.

Eta bazuen arreba bat, Mari, hau ez zen plazetan ibiltzen baina etxean anaiarekin aritzeko balio zuen.

Azkenik, bego hemen Eizmendi-Errexil Errezildarra, izenak dioen bezala eta Urruñan bere bizia bururatua, familia haziz eta bertsu ainitz eginez eskuin eta ezker.

Xehetasun gehiagorentzat toki eskasez beharko dugu honetan gelditu.

Azken gogoeta batzuekin halere.

Bertsularitzak gure iparralde honetan harrera haundia izan duela iragan mende horretan ez da dudarik; Hazparneko Parachou jaunak erran digun bezala: .

Bestalde ikus ez zela Uztaritze, Sara edo Luhusoko bestarik bertsularirik gabe.

Gero da ttipitzen hasi, eta bertsulariak gutitzen, 1940an, nahiz bazen orduan beste egitekorik, apalenean zen bertsularitza.